XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskara Nafarroaren altxorra

EGUN Iruñean, Udal Etxean zehazki, euskararen auzian gauzak nola dauden ikusita, zail da baikortasunez betetako izkribua idazten.

Nafarroa honetan gure hizkuntza baztertua egon da, baztertua dago.

Gure hizkuntzaz baliatu dira beti ere alde batetik Nafarroaren izenean eta gure herrialdearen interesen izenean mintzo direnak, euren jarreraren gibelean euskalduntasunaren kontrako gorrotoa zeriela, Madrilekiko mendetasuna izanki.

Gure hizkuntzaz baliatu dira progresismoaren izenean Espainiako homogeneotasunaren alde aritzen direnak.

Eskuin, ezker, gure hizkuntzarekiko berdin jokatu dute eta, zoritxarrez, berdin ari dira orain ere.

Akaso ohartu direlakoz hizkuntza herri baten komunikazio tresna dela, herrian sustraitua dagoela, kultur ondarea dela, herri osoari dagokiona, hain zuzen.

Lingua Navarrorun izena ez zaio txiripaz suertatu euskarari.

Gure hizkuntza Nafarroaren izaeran izan da errotua, nahiz eta mendeetan barna denok ezagutzen dugun atzerakada jasan.

Nafarroa ez litzateke berdin izanen euskararik gabe, gugan sustraiturik baitago.

Eta gure herrialdeko gestiogintza euren eskuetan izan duten eta duten alderdi horiek erasoka ibili badira ere, badabiltza ere, Nafarroako gizartearen gehiengoak bertzelako jarrera erakutsi du behin eta berriro.

Hauxe da, azken finean, gure hizkuntzaren hil ala biziko egoera gainditzeko inportanteena.

Hortxe ditugu Erriberako ikastolak, ikastetxe publikoetan D eredua ezartzeko eta aitzina egiteko saio txalogarriak, Administrazio Publikoetako eta zenbait enpresatako langileen ahaleginak euskara lan hizkuntza bihurtzeko, hor euskal irratien borroka ukatzen zaien legezkotasuna erdiesteko...

Eta hortxe dugu helduen alfabetatze eta euskalduntze mugimendua, urtetan zehar, egoera larrian, Administrazioaren aldetik inolako errekonozimendurik jaso gabe egindako lana.

Arlo guzti hauetan gizarteak izan du protagonismoa.

Gizarteak, herritarrek aski ongi dakitelako muga guztien gainetik euskara denona dela eta denon esfortzua eta lana ezinbertzekoa dugula gaur eguneko egoerari buelta emateko.

Bide handia dugu oraindik gure aitzinean.

Euskararen legea aldatu, ofizialtasuna Nafarroa osoan lortu, gure hizkutzarekiko jarrera negatiboak positibatu...

Denon lana behar da.

Alderdien kontzentzua baino gizartearen kontzentzua da helburua.

Euskarak aberasten gaitu, nafar, euskaldun egiten gaitu.

Euskaraz ikas, euskaraz mintza, euskaraz bizi!

Nafar guztion eskubidea dugu eta ez dugu amore eman behar.

Heldu da KORRIKA berriro ere.

Hor dugu aukera ezin hobea euskarak batzen gaituela aldarrikatzeko Nafarroa osoan, Euskal Herri osoan.

Ongi etorria Korrika!

Gora Euskara!

MIREN EGAÑA DESCARGA

HB-KO ZINEGOTZIA IRUÑEAN